2017/12/15

‘TRUSTLETTERS’, HIL ARGI eta ORASKA S.L. izan dira Busturialdeako IV. Enpresa Ideia Lehiaketan saritutako proiektuak


Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da gaur eguerdian Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Trustletters izeneko ideiak jaso dau 3.000 euroko lehen saria eta Hil Argi ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Ganera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea irabazi dabe. Lehen sektoreagaz zerikusia daukan enpresa ideiarik onenaren 1.000 euroko saria, bestalde, Oraska S.L.-k eroan dau. Guztira, 15 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dabezan enpresa ideiak, pasa dan urteko parte-hartzea bikoiztuz.

Lehenengo saria jaso dauan Trustletters erabiltze egiaztatudun posta elektronikoa da. Hau da, erabiltzaileak egiaztatu egin behar dira, euren nortasun agiria aurkeztu behar dabe. Beraz, aurrerantzean posta elektronikoa ez da anonimoa izango, igorlearen izena agertuko baita beti, egiaztatua izango baita aurretik beti. Ideiaren sortzaileak, Aritz Urriolabeitia Arrien (Muxika, 1992) eta Eneko Uriarte Román (Gasteiz, 1995) dira. Biak dira Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzan Graduatuak.

Bigarren saria jaso dauan Hil Argi ideiak heriotza onaren eskubidearen mesedetan gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua izan gura dau, hileta laikoen zerbitzua, hain zuzen be. Beti be, lekuko proiektua eta bezeroekaz hartu-emon hurbilean oinarritzen dan proiektua izanik. Hil Argik hiru ildo nagusitan garatzea dauka helburu: hileta zerbitzuak, esku-hartze soziala eta ikerketa soziala eta estetikoa.

Jon Ander Urresti Ugalde (Bermeo, 1992), Aitane Goñi Landa (Meñaka, 1990) eta Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990) gazteak dira ideiaren sortzaileak. Jon Ander Filosofian Graduatua da, Aitane Soziologian Lizentziatua eta Antropologia Sozial eta Kulturalean Lizentziatua eta Maite, barriz, Historian Lizentziatua.

Bestalde, lehen sektoreagaz zerikusia daukan enpresa ideiarik onenaren saria Oraska S.L.-k eroan dau. Oraska proiektua Errigoitin kokatutako artisau-ogi ekologikoa egingo dauan lantegia da, garia edo beste zereal batzuetatik eratorritako produktuak eskainiko dauzana. Ganera, Oraskak produktuen eskaintza zabalduko dau etorkizunean, ortuko produktu ekologikoak eskainiko baitauz. Oraskaren filosofia agroekologian oinarrituko da, hau da, produkzino prozesuan gardentasuna, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasuna, biodibertsitatearen zaintza, autogestiorako gaitasuna eta elikadura-subiranotasuna.

Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da. Pasa dan urtean lehen saria irabazi eban Aldapeko Ahuntz Esnekiak ideiagaz.

Danatara, 6.000 euro banatu dira sarietan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti be, eskualdean lanpostu barrien sorrera bermatzea dalarik.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak; Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Mendatako Alkateak, Joseba Mallea Lamikiz, parte hartu dabe ekitaldian, beste batzuen artean.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dauzan Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek jarri dabe martxan, laugarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barruan.

Epaimahaia honako honeek osotu dabe:
  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Behargintzako Zuzendaria).
  • Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Aritz Kobeaga Arranz (BEAZeko teknikaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa.
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.
Enpresa ideiak baloratzeko orduan, honako irizpide honeek kontuan hartu dira: barritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko daukan potentzialidadea eta sortutako lanpostuen kalidadea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eroateko daukan gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eroateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek daukan egokitzapena; proiektuaren definizino-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroagaz) eta daukan gizarte-eragina.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzua ez da hemen adierazotako eritxien eta jasotako ideen erantzule egiten, baina parte hartzeko, erabiltzaileak gitxieneko baldintza honeek kontuan euki beharko dauz:

1.- Era honetako mezuak ez dira onartuko: neurribakoak, lizunak, enpagugarriak, mehatxatzaileak, faltsuak, difamazinokoak, sexu orientazinokoak, pertsona partikularren identidadea erakusten dabenak, datu pertsonalak daroezanak, diskriminatzaileak, iraingarriak, egile eskubideak urratzen dabezanak edo legearen aurkakoak izan daitekezanak.

2.- Aurreko puntuan adierazotako moduko mezuren bat jarri ezkero, mezua ezabatu egingo da.