2017/05/22

"El Círculo" zientzia fikzinozko film ezaguna ikusteko aukera egongo da asteburuan, Bermeoko zinema aretoan


Maiatzaren hasikeran estreinatutako "El Círculo" zientzia fikzinozko film ezaguna asteburu honetan iritsiko da Bermeoko zinema aretora. Emma Watson eta Tom Hanks buru daukazan proposamena da The Circle filma. Watson Mae Holland izango da, eta The Circle izeneko Interneteko enpresa arrakastatsuan kontratatuko dabe. Bertako zuzendaria da Hanks, eta harrotasunez azalduko dau enpresaren lorpena: posta elektronikoak, sare sozialak, banku-eragiketak eta pasahitzak bateratuta, erabiltzailearen profil birtual zehatza sortzeko gai dira, gardentasunaren mesedetan. Baina, ez ei da gehiegi?

Pelikula zapatutik astelehenera, maiatzaren 27tik 29ra, ikusi ahal izango da Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Filmeak 110 minutuko iraupena dauka eta 7 urtetik gorakoentzat egokia da.


Barikuan ez da sesinorik egongo. Zapatuan, barriz, saio bi izango dira, 19:30ean eta 22:00etan. Domekan, arratsaldeko saioa bakarrik egongo da, 19:30ean. Astelehenean saio bi eskainiko dira, 19:00etan eta 21:30ean.

Zapatuan eta domekan sarrerak 5,20 eurotan salduko dira. Ohiko moduan, ikuslearen eguna astelehena izango da. Egun horretan, 4,50 eurotan salduko dira sarrerak.

2017/05/05

Bermeo​ko Udalak 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako Alde Zaharreko argazki lehiaketa antolatu dau

Bermeon bizi edo ikasten dagozan 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu dau Bermeoko Udalak. Argazkietan gai bi garatu beharko dabez parte hartzaileek: batetik, Alde Zaharreko txoko kuttun bat atara beharko dabe eta, bestetik, herriko Alde Zaharra hobetzeko proposamen bat jaso beharko dabe argazki batean.

Gai bakotxeko argazki bakarra aurkeztu ahal izango da, eta, derrigorrez, maila bietan parte hartu beharko dabe.

Argazkiak, 2017argazkiak@bermeo.eus helbide elektronikora bialdu beharko dira gai modura '2017argazki lehiaketa' jarrita. Argazkiekaz batera, honako datu honeek jarri beharko dira: izen-abizenak, jaioteguna, hartu-emonetarako telefono zenbakia eta argazki bakotxari jagokon gaia.

Argazki irabazleen egileek 100 euroko bonua jasoko dabe argazki edo bideo materiala erosteko, bai eta Aita Guria baleontzirako sarrera berezia be.

Argazkiak bialtzeko epea maiatzaren 31ra artekoa da. Epaileek ekainaren 1ean aztertuko dabez parte hartzaile gazteek aurkeztutako argazkiak.

2017/05/04

Mexikar sukaldaritza ikastaroa eta Huertik tailerra emongo dira ekainean eta urrian, Bermeoko Kultura Etxean


Mexikar sukaldaritza tailerra ekainaren 2an eta 9an (barikuak) eskainiko da, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, Mexikoko plater tipikoak, ezagunenak eta haragiak aromatizatzeko erabiltzen dabezan saltsak landuko dira, batez be. Hainbat errezeta egongo dira aukeratzeko: saltsa minak txileekaz, guakamolea, haragi takoak, flautak, totopoak…

Ordu biko klase bakotxean bizpahiru plater prestatuko dira, eta klasea amaitzean talde-kideek dastatuko dabez. Tailerra amaitzean, CD bat errezeta ezagunekaz eta klasean bertan ataratako argazkiekaz emongo jako ikasle bakotxari.

Ikastaroa Gizarte eta Kultura Etxeko sukalde tailerrean eskainiko da. Izen-emotea honako bide honeen bidez egin daiteke: Kultura eta Hezkuntza sailean, kultura@bermeo.eus helbidean edo 946179157 telefono zenbakian, maiatzaren 2tik 25era. Matrikula 30 eurokoa da eta plaza kopurua mugatua da. 12 ikasle baino gehiago apuntatzen badira zozketa egingo da.

Huertik tailerra urrira arte atzeratu da. Zure etxean hiri ortua eta lorategi botanikoa izateko aukera eskainiko deutsu tailer horrek.

2017/04/21

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartelak aurkezteko epea ekainaren 22ra arte egongo da zabalik

Bermeoko Jai batzordeak aurtengo 'Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak' iragarriko dauan kartela aukeratzeko lehiaketa deitu dau. Lanak aurkezteko epea ekainaren 22an itxiko da eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Bermeoko jaietako egitaraua eta kartela iragartzeko erabiliko dana. 600 euroko sari bakarra egongo da. Gaur egungo legediak arautzen dauan moduan, sariak PFEZ atxekipena izango dau.

Kartelak, derrigorrez, 52x70 cm-ko neurrikoak izan behar dira eta edozein teknika eta gura dan beste kolore erabili ahal izango dira. Nahitaez, honako testu hau jarri beharko da: "BERMEOKO JAIAK 2017. Irailaren 7tik 16ra". Kartelak euskarri gogor bateri lotuta edota formatu informatikoan (CD baten) aurkeztu beharko dira, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, ekainaren 22ko 21:00k baino arinago.

Lan irabazlea zein dan ezagutzera emon arte, parte hartzaileek ezin izango dabe aurkeztutako kartelik ezta egilearen nortasunik publikoki ezta sare sozialetan adierazo, eta egitekotan kanporatuak izango dira. Arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten daben kartelak kanporatu egingo dira.

Aukeraketa
Epaimahaiak, lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak ikusi eta aztertu ostean finalistak aukeratuko dauz. Aukeratutako kartel finalista horreek ekainaren 23an jakinarazoko dira eta ikusgai egongo dira Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean eta Interneten, ekainaren 26tik uztailaren 5era arte.

Ondoren, kartel irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko jake. Modu bitan egingo da: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko dan kutxan botoa emonez edo Internet bidez. Pertsona bakotxak boto bakarra emon ahal izango dau. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dabe eta Internet bidez jasotakoek, barriz, %30ekoa. Irabazlea puntuazino gehien jasotzen dauan kartela izango da.

Halandaze, herritarren bozketan enpaterik edo ezelango arazorik balego, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geratuko da.

2017/04/20

BERMESEX, Bermeoko Sexologia Orientazino Zerbitzua, barikuro eskaintzen da herriko Gizarte eta Kultura Etxean

Bermeoko Udalak sexualidadeari buruzko informazinoa eta orientazinoa emoteko BERMESEX zerbitzu publikoa, doakoa eta konfidentziala dauka martxan barikuro, 16:00etatik 17:30era.

Bermesex, Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua, Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko da, bariku arratsaldero. Zerbitzuaren helburua da sexualidadearen eta sexuaren bizipenean modu onuragarriak eta mesedegarriak bilatzeko orientazinoa emotea.

Bermesex zerbitzuko adituak, hainbat gairi buruzko orientazinoa emoten dau bariku arratsaldero Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, besteak beste: sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak, sexu orientazinoa...

Bermesex zerbitzuaren bidez, herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura jake modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazo daitezan, holan, euren adineko beste gazte batzuekaz hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko. Helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalakaz egiten da lan. Holan ba, zerbitzua gazteei, gazteen gurasoei eta gazteekaz lan egiten dabenei (irakasleak, hezitzaileak, begiraleak, e.a.) zuzenduta dago.

Aurrez-aurreko arreta zuzena barikuro eskaintzen da, 16:00etatik 17:30era, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Ganera, profesionalakaz koordinatzeko aukera be badago.

Orientazinoaren bidez, profesional ezbardinekaz eta familia kideekaz alkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei urtenbideak topateko bideak hausnartuko dira, egoera bakotxean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz. Ganera, proposamen ezbardinak eraiki daitekez, esate baterako: sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak, informazino kanpainak, e.a.

Teknologia barriek aholkularitza ekintzak burutzeko aukerak zabaldu dabez, besteak beste, sare sozialak, skype bidezko bideokonferentziak, txata, e.a. Holan ba, Bermesex zerbitzuak orientazinoa on-line eta telefonoz egiteko aukerak eskaintzen dauz, hain zuzen be:

  e-posta: bermesex@bermeo.eus
•  Telefonoa: 644 898 661 (Arreta orduetatik kanpo deituz gero, mezua itzi daikezu erantzungailuan, zure telefonoagaz, eta zugaz hartu-emonetan jarriko gara)
  Skype: orientazio.zerbitzua
  Facebook: Orienta Zerbitzua
  Twitter: @sexorienta 

2017/03/29

Udabarrian edo udan Europara bidaiatzeko asmoa izanez gero, atara eizu hainbat arinen Europako Osasun Txartela



Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Kroazia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suedia edo Suitzara bazoaz, ez ahaztu Europako Osasun Txartela.

TSE txartela banakakoa da eta titularrari osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzen deutso. Zerbitzu horreek Europako Batasuneko herrialdeetan, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan eta Suitzan jaso ahal izango dira. Horretarako, zerbitzuak eta herrialdean igaroko dan denbora hartuko dira kontuan.

Eskatzen daben pertsonei emongo jake txartela eta turismoko bidaietan, ikasketa edota pentsioarengaitik egiten diran leku aldaketetan erabili ahal izango da. Txartelean titularraren izena, NAN zenbakia eta atzetik daukan Segurtasun Sozialeko Institutuaren zenbakia agertuko dira. Horreri esker tramiteak asko arinduko dira, izan be, orain arte derrigorrezkoa zan gaixoa bere herrialdeko Segurtasun Sozialeko bulegoagaz hartu-emonetan jartzea.

Europako Osasun Txartelari esker, Europar Batasuneko hiritar guztiek jaso ahal izango dabe Batasuneko edozein herrialdetan osasun zerbitzua. Doako zerbitzua izango da hori, eta ordaindu behar baldin bada, ondoren egingo da hori. Txartelaren balioa urte bikoa da (txartelean bertan adierazoten da iraungitze-data).

Zelan eskuratu
-On line, Gizarte Segurantzaren Bulego Birtualean eskatzen badozu, etxean jasoko dozu txartela.
-Telefono bidez: 901 16 65 65 telefono zenbakira deitu eta etxean jasoko dozu txartela, egun gitxiren epean.
-Gizarte Segurantzaren bulegoetan: Bilbon: Avda. Sabino Arana, 3 - 944 284 545 - Vicente Garamendi, 6 - 944 333 003 - Iruña, 13 - 944 478 366 - Gran Vía, 89 - 944 284 517 eta Gernikan: Juan Calzada, 89 - 946 257 107

2017/03/27

Busturialdeko gazteek eskualdeko enpresetan trebatuko dira 'Gaztedi Busturialdea Bekak 2017' programari esker


Eskualdeko gazteek bertoko enpresatan trebatzeko aukera dabe "Lana bilatzea, Lana da" programari eta Gaztedi Busturialdea egitasmoari esker, 2017 honetan eskainiko diran formazino beken bitartez. Busturialdeko hainbat udalek (Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiak sustatuko dabez beka horreek, Lanbideren bitartez.

"Lana bilatzea, Lana da" programak urte asko daroaz Busturialdeko gazteen enplegua eta ekintzailetza sustatzen, trebakuntza eta garapen pertsonalaren bidez. 'Gaztedi Busturialdea Bekak' izeneko ekimena programa horren jardun-lerroetako bat da.

Bekek ikasitakoa praktikan jartzeko eta lehen lan esperientzia ordaindua izateko aukera eskainiko deutsie 25 urtetik beherako eskualdeko gazteei. 2014tik hona eskualdeko 20 bat gaztek burutu dabez euren praktikak Busturialdeko beste horrenbeste enpresatan eta euretariko asko, ganera, lanean geratu dira bekak amaitu ostean.

Bekadunak izango diran gazteek, gehienez sei hilabetez benetazko lan merkatura hurbiltzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera izango dabe, hau da, eskualdeko enpresatan lanekoak ez diran praktikak egin ahal izango dabez.

Beka horreek eskuratzeko, interesatuta dagozan gazteek baldintza batzuk bete beharko dabez; batetik, langabetuek baino ezin izango dabe eskaria egin, eta, horreek, ganera, 18 eta 25 urte bitartekoak izan beharko dira. Horretaz ganera, Lanbiden izena emona euki beharko dabe. Ganera, daukien ikasketa-maila be egiaztatu behar izango dabe: Lanbide Heziketako goi edo erdi mailako gradua, kirol zein arteetako goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsidadeko diplomatura, lizentziatura edota gradua, kasuan kasu.

Baldintza horreetaz aparte, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan-harremanik edo esperientzia profesionalik euki ez daben gazteak izan beharko dira beka eskaerak egin ahal izango dabenak.

Eskariak egiteko epea zabalik GIZen
'Gaztedi Busturialdea Bekak' programan parte hartu gura daben eskualdeko gazteek edota enpresek, Bermeoko Udalaren Gazteria Zerbitzuagaz hartu-emonetan jarri beharko dira 94 617 91 58 telefono zenbakira deituta edo GIZera hurbilduta (Gizarte eta Kultura Etxeko lehen solairuan).

Lehen bidarrez lan arloan esperientzia lortzea da Gaztedi Busturialdea Beken helburua, holan, lan merkatuan errezago sartzea ahalbidetuko deutsielarik. Ganera, parte hartzaileek tutoretza eta coaching-a be izango dabe euren garapenean eta prestakuntzan laguntzeko.

2016/12/16

'Aldapeko Ahuntz Esnekiak' eta 'Nagusialde' izan dira Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren saridunak


Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Maddi Amezaga Arriagak eskuratu du lehen saria, 3.000 eurokoa, ’Aldapeko Ahuntz Esnekiak’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, aldiz, Legendika Zuazua Romero gernikarrak lortu du ‘Nagusialde’ ideiarekin. Lehen sektorearekin lotutako sariari dagokionez, saria eman gabe geratu da.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da gaur eguerdian Mundakako Tribisarrospe eraikinean. Aldapeko Ahuntz Esnekiak izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehen saria eta Nagusialde ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Aurten ez da emon lehenengo sektoreari lotutako saririk, izan ere, ideia irabazlea lehen sektore horretakoa da. Guztira, 7 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.


Lehenengo saria jaso duen Aldapeko Ahuntz Esnekiak Guadarrama arrazako ahuntz-esneki ekologikoak ekoiztea du helburu: antxumea, jogurta, esnekiak eta gazta, hain zuzen ere. Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da.

Bigarren saria jaso duen Nagusialde proiektuaren helburua dementziadun pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea da Busturialdeko eskualdean, arlo kognitiboa, emozionala, konduktuala eta soziala landuz etxez-etxeko arreta psikologikoa emanez.

Legendika Zuazua Romero (Gernika, 1991) gazte gernikarra da ideiaren sortzailea. Psikologian graduatua, Osasun Psikologia Orokorreko masterra, Neuropsikologian aditua graduondokoa eta Psikogerontologian Espezialista Graduondokoa.


Guztira, 5.000 euro banatu dira sarietan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berrien sorrera bermatzea delarik.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Benito Ibarrolaza, Bermeoko Udaleko alkateordeak; Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Arratzuko Alkateak, Josu Sabin Olano, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek jarri dute martxan hirugarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:
 Bermeoko Udaleko ordezkaria: Begoña Landa Torre.
 Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta.
 Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.
 HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba.
 Barrutialde BHIko ordezkaria: Enekoitz Urtusagasti García.

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

2016/11/25

Eskualdeko gazte ekintzaileei zuzendutako enpresa ideien eta negozioen garapen ikastaroa eskainiko da Mundakan


Busturialdeko gazteria zerbitzuek, eskualdeko gazte ekintzaileei zuzendutako "Negozio Ideien Garapen ikastaroa" antolatu dabe 'Lana bilatzea, Lana da' programaren barruan. Ikastaroa Mundakako Tribisarrospe eraikinean eskainiko da, goizeko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara. Data zehatzak, halanda be, zehazteke dagoz. Coach&Play enpresak emongo dau ikastaroa eta Lego® Serious Play® metodologia barritzailea erabiliko da.

Enpresa eta negozio ideiak ondo garatzen ikasteko kurtso hau Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketara aurkeztu diran gazteei eta horreen ideiei bultzada bat emoteko asmoz antolatu da, izan be, azken hiru urteetan 50 enpresa ideia aurkeztu dira lehiaketara.

Ekintzailetzaren inguruan egiten diran formakuntza eta lehiaketa horreen helburu nagusiak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdeko eskualdean lana eta aberastasuna bultzatzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira, besteak beste.

NEGOZIO IDEIEN GARAPEN IKASTAROA

• Noiz: Zehazteke (parte-hartzaileen arabera zehaztuko dira data zehatzak).
• Non: Mundakan, Tribisarrospen.
• Ordutegia: Goizez, 09:00etatik 14:00etara (15 ordu).
COACH and PLAY​ren eskutik.
• Erabiliko dan metodologia: Lego® Serious Play® 
• Matrikula: Dohainik (Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 35 urtera arteko gazteak).

Ohiko moduan, 'Lana bilatzea, Lana da' programan parte hartzen daben herrietako 35 urtera arteko gazteek lehentasuna izango dabe.

Izena emoteko epea plaza kopurua bete arte egongo da zabalik, Bermeoko GIZen eta Urremendi Landa Garapen Elkartean (Gernikako Plaza). Plaza kopurua mugatua da.

Ikastaroa, Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Sailek antolatu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Gaztedi Busturialdea' proiektuaren barne.

2016/06/08

Berualak zazpi etxebizitza salduko eta esleituko dauz Martin Deuna eta Atalde kaleetan eta Alde Zaharrean


Bermeoko Beruala Urigintz Barriztatze Alkarteak hiru etxebizitza jarri dauz salgai eta beste lau esleipenean. Salgai jarri diran etxebizitzak, Martin Deuna kaleko 7an dagozan etxebizitza tasatu bi eta Atalde kaleko 35ean dagoan Babes Ofizialeko etxebizitza bat dira. Bestalde, Berualak Alde Zaharreko lau etxebizitza esleituko dauz, hiru Talakoetxea kaleko 13ko eraikinean dagoz eta laugarrena Nekazari kaleko 5. zenbakian dago.

San Martineko udal etxebizitza tasatu biak hiru logela, garaje-partzela eta trastelekua daukiez. Etxebizitza horreek erosteko bete beharreko baldintza bakarra beste etxebizitza baten jabea ez izatea da. Etxebizitza bi horreen kasuan alokairua erosketa aukeragaz be eskaintzen da.

Atalde 35eko Babes Ofizialeko Etxebizitzari jagokonez, logela bi daukaz eta garaje-partzela eta trastelekua. Etxebizitza hau erosteko interesatuak Etxebideko zerrendetan altan agertu behar dira.

Alde zaharreko etxebizitzei jagokenez, hiru Talakoetxea kaleko 13ko eraikinean dagoz. Horreetariko bi duplexak dira eta logela bi eta komun bi daukiez. Hirugarrenak logela bat eta komun bat dauka. Alde Zaharrean saltzen dan laugarren etxebizitza Nekazari kaleko 5. zenbakian dago, etxe bakarra da eta hiru logela eta hiru komun daukaz.

Alde Zaharreko etxebizitzen esleipena egiteko, etxebizitzak baino eskari gehiago egongo balira, notario aurrean zozketa bat egingo litzateke. Berualak hamar urtetan eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak izango dauz.

Informazio gehiago gura izanez gero, Berualaren bulegoan hartu ahal izango da, Andra Mari kaleko 22an (Tel.: 946179173).